viernes, 13 de junio de 2014

ELAk Salburuako eraikuntzan egindako salaketa

ELAren salaketaren ondotik, lanaldi luzeak amaitu dira Salburuan


Sindikatuak eta enpresek espero dute heldu den asterako sinatzea gizarte etxeko obretan lan ituna errespetatzeko akordioa
Salburuako eraikuntza
Gasteizko Salburua auzoko gizarte etxea eraikitzen ari diren langile batzuk esklabotza egoeran zeudela salatu zuen ELA sindikatuak orain dela bi aste. Esan zuen egunero 11 orduko lanaldiak eta lan erritmo «neurriz kanpokoak» zituztela, eta hiru hilabeteko lanaren truke 1.000 euroko ordainak jaso zituztela. Lan eta bizi-baldintza gogorren kontakizunak oihartzun handia izan du, eta horren ondoren gauzak mugitzen hasi dira. Atzo bertan ELAko ordezkariak, eraikuntzaren adjudikazioa duten enpresetako arduradunak eta Gasteizko Udala bilduta egon ziren Lan Harremanen Kontseiluko Preco organoan. Bilerara proposamen bat eraman zuen sindikatuak, eta, hori oinarri hartuta, espero dute heldu den asterako akordio bat sinatzea.

«Bitxia da, baina eskatzen ari garen bakarra da legea betetzea, alegia lan itunak errespetatzea», azaldu zuen Roberto Salgado ELAko Eraikuntza alorreko arduradunak. Lehiaketa irabazi zuten bi enpresek, VIASek eta Construcciones Opakuak, hori egiten dutela zehaztu zuten, baina ziurtatu zuten ezin dutela guztiz bermatu azpikontraten egoera. Puntu ilunetako bat soldatari dagokio. Langileek sinatutako paperak erabili dira ziurtagiri gisa, eta sindikatuak finantza erakundeen ordainagiriak nahi ditu. Horrek talka egingo luke datuen babeserako legearekin, ordea. Hala ere, salaketa egin zenetik gauza batzuk aldatu dira. Lan jardunaldi luzeak jada amaitu dira.

Ikuskaritzaren bisitarik ez

Salgadoren ustez, komenigarria litzateke Gasteizko Udalak ere enpresen eta sindikatuaren arteko akordioa sinatzea, baina ez duela egingo uste du. «Bilerara teknikari bat bidali dute; ia gonbidatu hutsa izan da, eta ez du parte hartu. Eurek esaten dute euren ardura bakarra dela adjudikazio baldintzak betetzen direla egiaztatzea, ezer gehiagorik ez».

Salaketa publikoa joan den maiatzaren 29an egin zuen ELAk. Ikerketa zabaltzeko asmoa agertu zuen fiskaltzak. Hala ere, oihartzunak oihartzun, atzo arte Lan Ikuskaritza ez zela obretatik pasatu ohartarazi zuen ELAk. Larria iruditzen zaie. Izan ere, salatutako lan baldintza eskasak pairatzen zituzten langileetako batzuen lana —eraikinaren kofratzea— amaitzear da. «Ondoren oso zaila izango da salatu duguna frogatzea».

ELAk azaldu zuen lanean ez ezik kalean ere egoera latza dutela behargin horiek. Azpikontratako langileak Espainiatik datoz, eta guztiak etxebizitza bakar batean dituzte, «imajinatu ere ezin diren baldintzetan». Kaleratuak badira, berehala etxetik bidaltzen dituzte. «Kalean geratzen dira nora jo jakin gabe, eta enpresari aurre egin baino lehen asko pentsatzera behartzen ditu horrek».

Salburuko gizarte etxearen eraikuntza enplegua sortzeko erabakigarria izango zela ziurtatu zuen Gasteizko Udalak, lanak hasi baino lehen. Kontrakoa gertatzen ari dela salatu zuen ELAk. Lehiaketa publikoan 12,5 milioi euro eskaini zituzten eraikuntzaren truke. Hortik aurrera «enkante makabroa» hasi zen, sindikatuaren aburuz. VIAS eta Construcciones Opakua enpresak, aldi baterako elkar hartuta, lehiaketa irabazi zuten, %30eko beherapena eskainita (8,9 milioi euro). Hortik aurrera, langileen esplotazioa hasi zen. «Azpikontratatuek, beldurtuta eta lan egiteko behar handiarekin, esklabotza baldintzak onartu behar dituzte».

No hay comentarios:

Publicar un comentario